XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ITSAS-HEGAZTIAK
Itsas ertzean ikusiko dituzu; talde handitan iristen dira, eta barkuen inguruan ibili ohi dira hegaldaka, gora eta behera zuzenean.

Haien garraisia bizia gogor durundatzen da itsasoko bakardadean, eta haizearen edo uhinen otsarekin nahastekatzen da.

Itsas hegaztiak dituzu, lurrera heltzean mariñelei hainbat bider agur egin dietenak.

Gehienek itsas ertzeko uretan bilatzen dute beren janaria; itsaso handian arrantzoan ibiltzen direnak ere badituzu, mila eta milak urruntzen direnak, janari bila.

Denak ahaidetasun lokarri batek lotzen ditu: ozeano uretarako joerak; hortxe ibili ohi bait dira behar duten janari bila.

Denetan ezagutuenak, noski, kaioak dituzu.

Portu eta hondartza ondoan bizi ohi dira.

Hegaldaka doazenean, nekerik gabe dabiltzala dirudi, pisurik ez balute bezala.

Orduko larogei kilometroko lasterdura lort dezakete.

Beren oinak uretan pausatzen dituztenean, lehor zabalean baleude bezala egoten dira.

Janari bila doazenean, aski goitik oldartzen dira itsasora; hau, lur azalean kasik, harrapatzen dituzte arrainak edo janaritako behar dituzten utzikinak, beren mokoaz eta hankez baliatzen direlarik.

Kaioen lagun handiak dira mariñelak; begiramen handia diete eta ez dituzte sekulan ihizatzen, ez kalterik egiten ustekabean eskuetara etortzen zaizkienean.

Esan behar da ere, haragi gogorra dutela eta gusto txarrekoa.

Itsas hegaztietan handiena albatroa da; metro bat eta hogeita hamar zentimetro izan daiteke, eta hamaika kilo, guti gorabehera.

Haren hegal luzeak lau metro ukan ditzakete muturretik muturrera.

Lumajea trinkoa du, dena zuria.

Itsas ertzetik urrun bizi dira: kometak balira bezala, haizeari eramaten uzten diote, hegalak zabal zabal eginik.

Indar handirik egin beharrik ez dute hegaldaka egiteko; haizeak ordu eta ordutan eramaten ditu itsasoan barna.